MITOAK eta KONDAIRAK






"AMBOTOKO ANDREA"  

Markinako baserri batetan neskatila bat bizi zen bere gurasoekin. Etxeko lanak egiten asko
laguntzen zien haiei.

       Halako batean zera esan zion aitak:

       -  Enetxo, eramaitzazu larrera ardiak.
      -  Bai, aita, gaur Babaroko leize zulo ondora eramango ditut.

      Ardiak artegitik atera zituen eta joan zen.

      Baina heldu bezain laster Anbotoko Andrea agertu zitzaion, eta hitzik esan gabe leize zulora eraman zuen neskatila.

      -  Ez izan beldur  -esan zion Andereak-  ez dizut minik egingo eta. Neska eder bihurtuko zaitut.

      Eta esan eta egin. Iruten ere irakatsi zion, gainera.

      Baina gauza eder asko erakutsi eta oso ondo zaindu arren, Andereak ez zion leize zulotik irteten uzten. Andereak eskuratzen zion neskak behar zuen guztia, ez zuen leizea uzterik, ordea.

      Egun batean, ordea, Anbotoko Andereak zera esan zion:

      - Orain kanpora joan behar duzu.

    Neskatilak erantzun zion:

     -  Ez, ez dut nahi, pozik nago hemen. Ez dut irten nahi.

     -  Ba dakit osos pozik zaudela, eta leize barruko bizitza atsegin duzula, baina orain joan egin behar duzu hemendik.

    Anderea serioski hitz egiten ari zela ikusi zuenenan, kanpora joateko prestatu zen neskatila. Orduan esan zion Anbotoko Andereak:

     -  Har ezazu hortik eskutada bat ikatz.

     -  Ikatza? Zertarako behar dut ikatza? - erantzun zion neskatxak.

     -  Egizu esaten dizudana, har ezazu eskutada  bat ikatz.

    Neska makurtu zen, hartu zuen eskutada ikatza eta irten egin zen leize zulotik.

    Kanpora heldu zenean eskuan zeraman ikatzari begiratu zion eta sinetsi ezinik ikusi zuen ikatza urre gorri bihurtu zitzaiola.

    Etxera joan zen. Ez zuten ezagutu hain dotore eta apain jantzirik zetorrelako. Neskatoak bera nor zen esan zienean poz handiarekin hartu zuten bere gurasoek; izan ere galdutzat emana zuten beren alaba.

    Neskatoak guztia kontatu zien bere gurasoei eta honela jakin zuten Gabaroko leize zuloan bizi zela Anbotoko Anderea. Urre gorria ere erakutsi zien eta gurasoen zoriona areagotu egin zen. Handik aurrera pozik eta zoriontsu bizitu ziren guztiak.


*   Joseba Gereñoren bertsioa





                                  
                                                      " KIXMI" 


     Aralarko Martxabaleta zelaian dantzan omen zebiltzan jentilak beren jai egun batez.

       Bat batean laino argi bat ikusi zuten sortaldean, haiengana zetorrela. Beren txabolan bazegoen jentil zahar bat izar eta lainoez asko zekiena, eta berarengana ekarrita, galdetu zioten ea laino argi hura zer zen.

          Jentil zahar hark esan zien orduan:

          -  A, a, nire umeak ! Jaio duk Kixmi eta gureak egin dik; ez diat gehigo bizi nahi eta bota nazazue ezkerreko malkar horretatik amilka.

          Hala bota zuten jentil zaharra malkarraren behera eta han hil zen.

       Lainoa bazetorren eta denak izuturik iheska abiatu ziren Arrastaran aldera, han ageri den pagadi hartara.

         Gain gainean zegoen linoa eta denak harri-pilo baten azpian sartu omen ziren. Eta han omen daude hemengo azkeneko jentilak, Kixmiagndik ihes joanda. Geroztik harri-pilo haren izena Jentilarri da.

          Kixmi, haien hizkuntzan, Kristo esan nahi zuen hitza da.

          Baten batek ihes egin omen zuen eta inguruetako jentilei jaio zela adieraztera joan zen.


*   Zaldibiko artzai batek 1916 urtean J.M Barandiaraneri esana.

* Marrazkia "Aker eta Kixmi"  Roberto Zalbidea Basterretxearena.






                                                 "BASAJAUN"  

     
           "Basajaunaren bizita"


       Behin baziren txabola batean bi artzain. Gau batez, afaldu ondoren, gaztaina andana bat jarri zuten surtan erretzen. Gaztainak erretzen ziren bitartean, etzan egin ziren apur bat, zeren oso nekatuak zeuden egun osoaren zehar ardien atzetik ibili zirenez, eta loak hartu zituen.

           Halako batean ateko harrabots batek iratzarri zituen; ateko sarrailean norbait dabilela donturatzen dira. Beldurtzen dira eta beren baitarako esten dute zihur Basajauna dela.

            Isil isilik egoten dira elkarri mintzatu gabe eta lo daudenaren imintzioa eginaz. Ez ziren tronpatu: Basajauna sartzen ikusten dute, beltz beltza eta guztia ilez estalia. Hurbiltzen zaie eta bere esku latza sumatzen dute aurtpetia kurritzen. Beren baitan diote; akabo bizia eta basajaunak jango dituela; apenas hartzen zuten arnasik hain baitaude izituak.

            Baoma. ez; Basakaima subazterrean jartzen da berotzen eta hautsaren  azpitik atereaz gaztainak jate ditu. Gaztain guztiak jan zituen. Jaten ari den bitartean bi artzainei egiten die so noiz-behinka artzainak esnatzen diren edo ez jakiteko. Artzaiak ordea lotsaz hilik ez dira mugitzen eta lo daudeneko papera egiten dute.

            Gaztain guztiak jan zituenean zutitu zen Basajauna eta Txabolan gogoko zituenak harturik kanpora joan zen inorri kalte edo minik egin gabe.


*   Jean Ibargaraigandik  J.F. Cerquandek jasota.



                                       


                                              "BASANDEREA" 



                       Behorlegi mendian non-nahi baziren lehen lami-zuloak.

                Artzain batek, egun batez, ikusi zuen Basandre bat, zulo haietako batean urrezko    orraziaz bere burua orrazten ari zena. Eta ez zen gutxi harritu.

                     Baina Basandreak ez izutzeko esan zion eta zulo hartatik, bizkarrean hatuta, Apanize mendira eramaten bazuen, duruz zernahi emango ziola.

                     Artzainak  baietz erantzun zion, eramango zuela gogotik.

             Hartu zuen, beraz, bizkarrean baina zulotik atera ere gabe, sekulako piztiak jalgi zitzaizkion bidera. Harritu zen artzaina eta Basanderea han bertan lurrera jaurtikirik ihes egin zuen ahalik eta lasterren.

                    Basandreak, orduan, oihu bat egin zuen ikaragarria eta esan marrumaz:

                    - Madarikatua ni !  Mila urtez egon behar baitut orain zulo honetan !

                    Eta geroztik han dago zulo hartan; artzainik ez baita sekulan sartzera benturatzen.


       *    J. Barbierrek jasoa.






                                                             "TARTALO"                   


                        "Tartalo eta Hamalau"

              Ba omen ziren bi gizon indartsu; Tartalo bata, eta Hamalau bestea. Hamalauk nahi omen zuen frogatu ea nor zen azkarrena eta egun batez joan omen zen Tartaloren etxera. Ondo hartu zuen Tartalok  eta ederki afaldu ondoren lotara bidali zuen ganbarara. Hamalau, ordea, beldur omen zen ganbaran eta ohe azpian begiratu ondoren gizon hilak aurkitu omen zituen. Hamalauk gorpu haietako bat sartu zuen ohean eta ohe azpian sartu zen bera.

          Gauerdian ganbarara etorri zen Tartalo eta labana sartu zion bere ustez ohean zegoen Hamalauri. Ondoren, ohe azpira bota zuen porputza. Tartalo lotara joan zen gero.

           Ohe azpitik irten eta etxeko atera joan zen Hamalau handik alde egiteko asmoz. Atea, ordea, harri handi batek trabaturik zegoen eta Hamalauk ezin zuen harria kendu.

               Hamalauk sua piztu zuen, onduan, eta burni bat gorritu zuen bertan. Burni guria hartu eta Tartalo lo zegoen tokira joan zen eta begi bakarretik sartu zion. Osoro itxuturik gelditu zen.

           Hamalau etxeko ardien tartean  ezkutatu zen eta Tartalok ezin zuen aurkitu. Tartalok ikuiluko atea zabaldu zuen eta atearen erdian jarri zen zangoak zabalik. Ardiak banaka hasi ziren irtetzen Tartaloren belaun artetik.

                Hamalauk ardi larru bat jantzi zuen eta Tartaloren iztar artetik atera zen kanpora.

                Kanpora irten zenean, hartu zuen ardi larrua eta Tartalori bota zion esanaz,

                - To, hau ere, hirea duk !

               -  Hago pixka bat! -erantzun zion Tartalok eraztun bat luzatuaz - to, eraztun hau sartzak behatzean.

               Polita omen zen eraztuna eta Hamalauk behatzean sartu zuen. Eraztunak ordea, etengabe zioen,

               - Hemen nauk, hemen nauk !

              Tartalok eraztunaren ahotsari jarraitzen zion lasterka eta hamalauk ezin zuen ez ihes egin, ez eta eraztuna behatzetik kendu. Orduan, Hamalauk behatza moztu omen zuen eta bere eraztunarekin bota ondoren Tarlalorengandik ihes egin ahal izan zuen.


*   J.M. Barandiaranek jasoa.
    




                        
                                                         "SORGINAK"

                  "Sorgina astoaren tankeran"

Amezketako Ezkorborro baserriko mutil bat Bedaiora gauez zihoan bere andregaiarengana, makila eskuan zuela.

Berak pasa behar zauen barruti batean, kontrario baten astoa larrean aurkitu zuen. Hau mutilaren pozgarri izan zen. "Banuen gogoa asto hau harrapatzeko" pentsatuz eta aldi berean astoa bizkarrean makilatzen hasi zen. Astoaren bizkarra pitzatu zen baina berehala lehenago bezala jarri, jipoirik hartu ez balu bezala. Honela, behin eta berriz, erreka bateta iritsi ziren eta erreka hartan sorginek lixiba jotzen zuten eta hauetako batek honela hots egin zion mutilari: "Maurizio, hator hona, bihurritzeko heldu maindire honi."

Mutilak heldu zion maindireari eta hau berehala ote bihurtu zen. Hau honela gertaturik, gazteak eskuetan mina hartu zuen eta deiadarka esan zuen: "Ots ! Hau ez duk maindirea, hau otea duk". Eta sorginak erantzun: "Ez garela baina bagarela, ez garela baian bagarela...", eta honela esanez ezkutatu ziren, beraien artean asto tankerako hura ere han zela, mutila esku urratu eta bustiekin geratuz.


* Juan Garmendia Larrañagak, Amezketan, Jose Urtaza Zangitu, 66 urte. "Etxetxo" baserrian.     1991 eko maiatzak 19an bilduta.





                           SAN MIGUEL, MENDIKO HERENSUGEA 

         BERE BIZIMODUA eta HERIOTZAREN AURREKO GORABEHERAK.

     San Migel mendira herensuge bat etortzen zen eta Narfarroan, Sakana izenez ezagutzen den lurraldeko herriak, egunero aipatutako mendi honetara norbait bidaltzera behartuak aurkitzen ziren, herensugeak jan edo irentsi zezan. Honetarako, herri hauetako biztanleen artean zozketa egiten zuten eta egun haietako batean, sendi bateko aitari suertatu zitzaion herensugearengana joatea. Baina hau honela, bere alabak esan zion: "Aita, zure ordez neronek joan behar dut, nahiago baitut ni irentsi edo jatea zu baino."

      Emakumezko hau joan zen San Migel mendira eta han herensugea noiz agertuko zain jarri. Baina herensugearen ordez Teodosio azaldu zitzaion bere damutasunezko katea arrastaka zeramala. Kate soinuak Sakanako gartea beldurtu zuen herensugea zela pentsatuaz eta hau ikusirik, Teodosio honela mintzatu zitzaion: "Egon, egon  lasai neskatoa, ni ere munduko naiz" eta Teodosiok berehala eskatu zion burua garbitzeko, buruko hazkura kentzeko.

      Neska Teodosioren nahia betetzen ari zela herensugea etorri zen. Hau ikusirik, Teodosiok neskatoari esan zion:

       "Egon, egon pixka bat, nik burrukatu behar dut hori".

       Baina burruka hartan herensugea zihoan irabazle eta orduan Teodosiok deiadar egin zuen: "Migel, nirekin aliatu". Hau entzutean, Jaungoikoak Migeli esan zion:

      "Mundura deitzen zaituzte, Migel" eta Migelek erantzun zion: "Ni Berorrekin joatekotan:" Orduan, Jaungoikoak Migeli esan zion: "Non eramango nauk, Migel?" eta Migelek erantzun zion: "Buruaren gainean".

       Migelek Jaungoiko buru gainean eraman eta ezpataren aurreneko danbadarekin herensugea hil zuen eta berehala ezpataz Teodosioren katea ebaki zuen. Teodosio aske geratu zen eta bere erru-nekea bukatu egin zitzaion.



Juan Garmendia Larrañagak bildua.
Albisun, Buenaventura Argaña Mugika, 66urte. "Matxinea" baserrikoa.
1989ko azaroak 1.



          
           





No hay comentarios:

Publicar un comentario